24 ordutan: Kostaldeko Gipuzkoa
Txakolinetik sagardora
Goiz eta eguerdi partean: Zarautz aldera goazela, begirada urdinez bete aurretik, sartu-irten bat egin dezakegu Pagoetako parke naturalean, Agorrekiko burdinola eta errota ikustearren. Zarautzen, hirigune historikoan barrena ibiltzeko, itsas pasealeku amaigabea korritzetako eta, agian, Gipuzkoako hondartza luzeenean bainatzeko edo surfean aritzeko garaia helduko zaigu. Hurrengo herrian, Getarian, Salbatore Deunaren eliza eta portua ikusiko ditugu bazkalaurrean. Bazkalordurako, arraina eta txakolina, noski.
Arratsalde eta gau partean: Hondarribiara joango gara autoz, Gipuzkoako kostaldeko ekialdeko muturrera. Hondartza, Txingudiko badiaren ertzeko pasealekua eta hirigune historiko harresitu interesgarria nabarmendu daitezke bertan. Ilunabarrean, bi aukera ditugu: ilundu aurreko azken argi orduak Pasai Donibaneko kaleetan igaro edo Chillida-Lekuko eskulturak ikusteko baliatu. Nolanahi ere, Astigarragako sagardotegi batean amaituko dugu gaua.
Informazio interesgarria:
"5 Geltoki, txartel bakarrarekin":
Urola Erdiko Garapen Agentziak (Iraurgi Lantzen) martxan jarritako ekimenak honako 5 zentro hauetan (proiektuaren kolaboratzaileak dira) sartzeko aukera eskaintzen dio pertsona bati: Ignacio Zuloaga museoa (Azpeitia), Burdinbidearen Euskal museoa (Azpeitia), Loiolako santutegia (Azpeitia), Ekainberriko kobak (Zestoa) eta Algorri, Zumaiako natur baliabideen zentroa. Pertsona desberdinek partekatu dezakete, sarrera guztien ohiko prezioen batura osoa baino % 50 gutxiago ordainduko du erosleak eta 2010eko abenduaren 12ra arte balio du.
Salmenta-guneak: Loiola eta Zumaiako turismo-bulegoak, eskaintzaren barne dauden 5 zentroak, Euskotren konpainiaren bulegoa Donostian (Amara), Euskotren konpainiaren bulegoa Bilbon (Atxuri) eta Euskotren konpainiaren bulegoa Gasteizen.